GLOSARIOA

Jarraian, tributu-arloko glosario bat aurkeztuko dugu, tributu-administrazioan ohikoak diren hainbat terminoren berri emateko.

Terminoa bilatzea
Administrazio-egintza

Administrazio publikoaren borondatearen adierazpena da, administrazio-ahala baliatzean gauzatzen dena, xede administratibo bat lortzeko efektu juridikoak eragitearren; administrazioarekiko auzien jurisdikzioak jarduketa hori kontrola dezake.

Autolikidazioa

Tributu-aitorpenaren mota horretan, zerga-egitatea egin izana adierazten edo onartzen da, eta Administrazioak tributu bat likidatzeko ezinbestekoak diren datuez gain, zorra kuantifikatzeko elementuak eta zorraren zenbatekoa zeintzuk diren ere biltzen da. Gaur egun, Estatuko tributu gehienak sistema horren bitartez likidatu behar dira nahitaez, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga izan ezik, kasu horretan aukerakoa baita.

Ahalmen ekonomikoa (kontribuzio-ahalmena)

Tributu-justiziaren kontzeptuaren oinarria da. Subjektu pasiboak duen ondarearen bolumena edo aberastasun-maila dela esaten da.

Atxikipena

Tributu-teknikako tresna bat da eta, pertsona batek beste bati ordainketak egiten dizkionean, kopuru jakin bat kendu eta altxorrean sartzeko betebeharrean datza. Gaur egun, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuan eta Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuan araututa dago.

Berandutze-interesak

Subjektu pasiboak zerga-administrazioari ordaindu ez dizkion zerga-zorrei aplikatzen zaien interesa da. Diruaren legezko interesarekin bat dator, % 25ean areagotuta, betiere dagozkien aurrekontu-legeetan besterik xedatu ezean.

Behin-behineko likidazioak

Ohiko moduan, subjektu pasiboak emandako datuetan oinarritzen dira; datu horiek ziurtasun-presuntzioa duten egitateei buruzkoak izaten dira (beraz, gerora egiaztatu egin daitezke) eta administrazioak gerora ere erabaki bat har dezake horien gainean, kudeaketa-prozeduraren barruan.

Berandutzea

Zergadunak legez finkatutako epea igaro ostean ordaintzen duen tributu-betebeharra.

Behin betiko likidazioak

Behin betikotzat joko dira zerga-egitatearen eta bere baloraketaren egiaztapen administratiboaren ondoren egindakoak, behin behineko likidazioa egin ala ez egin. Ikuskaritzak egindako egiaztapeneko eta ikerketako prozeduraren ondoren gertatzen direnak izan ohi dira. Halaber, behin-behinekoak ere behin betiko bihurtuko dira tributu bakoitzaren Legean finkatutako epea igarotakoan, preskripzioa alde batera utzi gabe.

Etekin garbia

Etekin osoei legez ezarritako gastuen zenbatekoa kendu ostean ateratzen den emaitza.

Ebazpen-proposamena

Likidazioa osatzen duten elementuak biltzen dituen dokumentua da, Ogasunak zergadunaren esku jartzen duena alegazioak egin ahal izan ditzan likidazio bihurtu baino lehen.

Gastu kengarriak

Legea aurreikusitako diru-kopuruak dira, eta diru-sarrera konputagarriei kenduz gero, zerga-oinarria finkatzeko balio dute.

Ikuskapen-aktak

Tributuen Ikuskaritzak egiten dituen dokumentu garrantzitsuenak dira. Egiaztapeneko eta ikerketako jarduketen emaitzak biltzen dituzte, eta zergadunaren tributu-egoera erregularizatzeko proposamena egiten da edo egoera zuzena dela adierazten da. Izapide egintzak izaki, aktak ez dira aurkaratzeko modukoak berez. Dokumentu publikoak dira eta akta formalizatzea eragiten duten egintzen froga osatzen dute.

Interesdunari entzutea

Tributu-prozeduraren izapide horretan zergadunaren entzuna izateko eskubidea gauzatzen da, betiere ebazpena eman aurretik. Interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan ebazpena ematerakoan, ez dago entzunaldiaren izapidea egin beharrik.

Karga-eskala

Zerga-tasen taula, mailakatua eta kuoten araberakoa, eta oinarri likidagarriari aplikatuta, zergaren kuota osoa kalkulatzeko balio du.

Kenkaria

Zerga-onura bat da –tributu baten kuota gutxitzen du– eta legez ezartzen da, politika ekonomiko eta sozialaren helburu jakin batzuk betetzeko eta inbertsioak sustatzeko. Horrela, bada, PFEZren kasuan, ohiko etxebizitza erosteagatik kenkari bat ezartzen da.

Konpentsazioa

Tributu-betebeharra iraungitzeko modua da, zergadunaren kreditu likidoak eta legez eska daitezkeenak likidatuta tributuen eta horien interesen kontzeptupean, betiere administrazio-organo berak egiten badu diru-bilketa eta preskribatu aurretik egiten bada.

Konturako sarrera

Pertsona batek zerga-administrazioari etorkizunean ordaindu beharreko behin betiko kuotaren konturako ordainketaren kontzeptupean pertsona bati eman zaizkion gauzatako ordainsariengatik egin beharreko zenbatekoa da.

Likidazioa

Aitorpen baten zorpekin zuzena kalkulatzea. Autolikidazioen kasuan, likidazioa esaten zaio zergadunak kalkulatutako zorpekina zuzentzen duen dokumentuari, «itzultzeko» edo «ordaintzeko» emaitza duten aldeak sortzen dituenari.

Ordainketa geroratzea

Zor baten ordainketa atzeratzea da. Zordunaren egoera ekonomiko finantzarioa dela eta, behin-behinean ezinezkoa baldin bazaio zorra garaiz ordaintzea, zerga-administrazioak ordainketa hori geroratu edo zatikatu egin dezake. Geroratzean, ordainketa atzeratu egiten da denboran, eta emandako epea igarotakoan diru-sarrera bakarrean ordaindu behar da. Zatikatzean, aldiz, ordainketa mailakatutako hainbat epemugatan banatzen da.

Oinarri likidagarria

Zerga-oinarriari tributu bakoitzaren berezko legean aurreikusitako kenkariak aplikatzearen emaitza da. Kenkari horiek legelariaren borondatearen araberakoak izango dira, betiere zergadun jakin batzuei mesede egin edo aldeko tratua eskaini nahi dien arabera, eta kenkari horiek dagokion araudian ez direnean agertzen, zerga-oinarria eta oinarri likidagarria bat etortzen dira. PFEZn, honako kenkari hauek aplikatzen dira: mutualitateetan eta pentsio-planetan ekarpenak egiteagatik eta ezkontidearen aldeko konpentsazio-pentsioengatik eta seme-alabentzat ez diren elikagaiengatiko urteko kuotak, erabaki judizial bidez finkatutakoak.

Preskripzioa

Eskubide bat edo eskubide baten tutoretza-baliabideak galtzea esan nahi du, titularraren jarduerarik eza dela eta. Gaur egun, lau urtera preskribatzen dira honako hauek: administrazioak dagokion likidazioaren bitartez zerga-zorra zehazteko duen eskubidea, likidatutako zerga-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, zerga-zehapenak ezartzeko ekintza, eta bidegabe egindako diru-sarrerak itzultzeko eskubidea.

Premiamendua

Norbaiti gauza bat berehala eginaraztea. Zerga-arloan, administrazio-agintariek eta Ogasun publikoko agenteek zergak kobratzeko jarraitzen duten betearazteko prozedura bat da, borondatezko ordainketarako epea igaro ondoren, beste epe labur bat emanda eta ohartarazita zordunaren ondarea zuzenean egikarituko dela ordainketa egiten ez bada.

Salbuespena

Salbuespena izango da, baldin eta «salbuespenezko» esaten zaion arau batek tributu-betebehar bat sortzea saihesten badu kasu jakin batean, baina arau hori gabe betebeharra sortu egingo zatekeen, zerga-egitatea egitearen ondorioz. Orain, atxiki gabeko kasuekin duen aldea zehaztea komeni da: legegileak zerga-egitatetzat jo ez dituen kasuak dira, hau da, ez dute betetzen legean aurreikusitako hipotesia eta, horregatik, ez da zerga-betebeharra sortzen, baina ondorio didaktikoetarako, zenbait legetan bildu ohi dira. Salbuespenaren ezaugarriak honako hauek dira, labur-labur: nolakotasun nagusia salbuespenezkoa izatea da, zergaren aplikazio-eremu subjektiboa edo objektiboa aldatzen duen aldetik. Gainera, bi arau behar ditu, bata atxikitzekoa eta bestea salbuespenezkoa. Azkenik, zerga-egitatea gauzatzea dakarte, baina ez tributu-betebeharra sortzea.

Sortzapena

Zerga-egitatea eginda dagoela, ekarpena egiteko betebeharra sortzen den unea adierazten du. Garrantzi juridiko-praktiko handia du, –besteak beste– zerga-zorra zein unetan sortu den bereizteko aukera emango digulako eta, horren ondorioz, zer lege aplikatu behar den, subjektu pasiboen jarduteko ahalmena zenbatekoa den eta zer zigor aplika daitezkeen. PFEZn, sortzapena, oro har, urte bakoitzeko abenduaren 31n gertatzen da.

Subjektu aktiboa

Estatua edo tributuaren hartzekodun den erakunde publikoa.

Subjektu pasiboa

Legearen arabera zerga-prestazioak betetzera beharturik dagoen pertsona fisikoa edo juridikoa, nahiz zergadun gisa nahiz ordezko gisa. Legez zehaztu behar da (lege-erreserbaren printzipioa). Betebehar nagusia zerga-zorra ordaintzea da, eta horren osagarri izango dira tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpen eta komunikazioak egitea; kontabilitate-liburuak, erregistroak eta gainerako dokumentuak eraman eta gordetzea; ikuskapen eta egiaztapenak egiteko erraztasunak emateko betebeharra, eta zerga-egitatearekin lotura duten datu, txosten, aurrekari eta egiaztagiriak aurkeztea.

Tarifa

Zerga-tasen taula, mailakatua eta kuoten araberakoa, eta oinarri likidagarriari aplikatuta, zergaren kuota osoa kalkulatzeko balio du.

Tributu-betebeharra

Alde batetik, Zerga Administrazioaren eta tributuaren hartzekodun diren erakunde publikoen eta, bestetik, tributu horren subjektu pasiboen artean ezartzen den lotura juridiko eta pertsonala.

Tributu-arloko arau-haustea

Tributu-arloko eta arlo juridikoko arau baten aurkako jarrera oro. Tributu-arloko arau-hausteak dira legeetan tipifikatutako eta zigortutako ekintza eta ez-egiteak, dela doluz, dela erruz jokatuta.

Tributu-presioa

Partikularrek, sektore ekonomiko batek edo nazio osoak jasaten dituzten tributuen kopuruaren eta haien aberastasun edo errentaren kopuruaren artean dagoen erlazioa.

Tributua

Estatuak edo beste erakunde publiko batek, agintzeko boterea baliatuta, zergadunei eskatzen dien diru-prestazioa, gastu publikoa finantzatzeko baliabideak lortzearren. Honela sailkatzen dira: zerga, tasak, ekarpen berezik eta ordainarazpen parafiskalak.

Zerga-oinarria

Zerga-egitatearen aurrekontu objektiboaren elementu baten dimentsio edo magnitude bat da, subjektu pasiboaren kontribuzio-ahalmena zehazteko erabakigarritzat jotzen dena. Zerga-egitatea neurri zehatz batean zehaztea edo kuantifikatzea da eta, hartara, ahalmen ekonomiko absolutua erlatibo bihur daiteke, hori baita benetan garrantzitsuena tributazioa eskatzeko garaian. Adibidez, PFEZn, zerga-oinarria zergadunaren errenta erabilgarriaren zenbatekoa izango da, haren ahalmen ekonomikoaren adierazgarri den aldetik (lanaren, kapitalaren, jarduera ekonomikoen eta errenta-egozpenen errendimenduak, ken gutxieneko pertsonala eta familiarra).

Zorpekina

Zergadunaren ordaintzeko betebehar ekonomikoa edo haren aldeko itzulketa-eskubidea, tributu-arloko likidazio baten edo autolikidazio baten ondorioz.

Zergaduna

Zerga-egitatearen ondoriozko zerga-karga jasatea legez dagokion pertsona natural edo juridikoa da. (Zerga-karga zergaren eraginpeko subjektuak jasan behar du, baina ez du zertan beti legez ordaintzera behartuta dagoenarekin bat etorri. Tributu-betebeharra zergadunaren kargura sortzen da beti, nahiz eta zergadun hori behartuta ez egon zerga-administrazioari ordainketa egitera, batzuetan mekanismo sinple hori aldatu egin baitaiteke ordezko baten presentzia dela eta).

Zerga-kuota

Tributu-kuantifikazioaren prozesuaren emaitza da; kasu gehienetan, subjektu pasiboak Ogasun publikoaren alde egin beharreko diru-sarreraren zenbatekoarekin edo prestazioarekin bat etortzen da. Bi modalitate onartzen ditu: kuota osoa, hau da, zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondoren lortzen den zenbatekoa, eta kuota likidoa, hau da, kuota osoari legean aurreikusitako kenkariak kentzearen emaitza.

Zerga-egitatea

Tributu bakoitza eratzeko legez aurreikusitako hipotesi juridiko edo ekonomikoa, eta subjektu pasiboak hori gauzatzeak zerga-betebeharra sortzea eragiten du. Lege-erreserbaren printzipioa zerga-egitatea zehazteko garrantzitsua dela nabarmendu behar da. Esate baterako, PFEZn zergadunak errenta lortzea da.

Zerga

Legez sortutako diru-sarrera publikoa, derrigorrezkoa lege horretan aurreikusitako zergadunentzat, betiere zerga zehazten duen betebeharra biltzen bada.

Zergapekoa

Nola edo hala, tributu-arloko betebeharrak bere gain hartzen dituen pertsona edo erakundea, betebeharrak formalak nahiz materialak izan.

Zergaldia

Dagokion zergaren tributu-arloko aitorpenak biltzen duen denbora-tartea da. Esaterako, PFEZren kasuan, oro har, zergaldia urte naturala izaten da.

Zerga-zehapena

Arau-hauste batek dakarren zigorra da. Tributu-arloko lege-urratze baten aurrean ordenamendu juridikoak izaten duen erreakzioa da zehapen hori, eta zigortzeko eta eredugarri izateko xedea du, hau da, zehapena arau-hausleari ezarritako zigortzat jotzen da. Zerga-zehapenak zerga-administrazioko organoek ezartzen dituzte.

Zerga-tasa

Subjektu pasiboak adierazitako aberastasunaren edo ahalmen ekonomikotik tributuaren hartzekodun den erakunde publikoak beretzat zenbateko zatia hartuko duen adierazten duen.

UNITATE DIDAKTIKOA

LH 5 eta 6

10 - 12 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

DBH 1 eta 2

12 - 14 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

DBH 3 eta 4

14 - 16 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

Batxilergoa eta LH

16 urte