KONTZEPTUA

Materialen hauen helburua irakasleei laguntzea da; hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako etapetan Heziketa Zibiko – Tributarioa irakasten laguntzea.

Egungo erreferentziako legeriaren arabera, alderdi hori Heziketa Zibikoaren eta Herritar demokratiko izateko heziketaren barruan sartzen da. Zentzu horretan, honako lege-xedapen hauek aipatuko ditugu:

LOMCE

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatuak) Atariko Tituluaren 1. artikuluan hezkuntza zibikoaren garrantzia jasotzen du, haren printzipioetako bat baita.

«Espainiako hezkuntza-sistema Konstituzioaren balioei jarraiki antolatuta eta Konstituzioan aitortutako eskubideekiko eta askatasunekiko errespetuan oinarrituta dago, eta honako printzipio hauek ditu jarraibide: (…) c) Askatasun pertsonala, ardura, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta justizia bultzatuko dituzten eta diskriminazio mota oro gainditzen lagunduko duten balioen transmisioa eta praktikan jartzea.»

LOMCEren 2. artikuluan, Espainiako hezkuntza-sistema zein helburu lortzera bideratuko den azaldu da; besteak beste: «k) Herritartasuna gauzatzeko eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartzeko prestatzea, jarrera kritikoarekin eta arduratsuarekin, eta jakintzaren gizartearen egoera aldakorretara egokitzeko gaitasunarekin.»

NAFARROA

Nafarroako Gobernuak Lehen Hezkuntzarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako ezarri duen curriculum-zehaztapenean 60/2014 FORU DEKRETUA aipa dezakegu lehenik: 60/2014 FORU DEKRETUA, uztailaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen duena.

Herritarren hezkuntzarekin lotutako edukiak, batik bat, Lehen Hezkuntzako Gizarte Zientzien curriculumean sartu dira, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan arlo horrekin lotuta dauden irakasgaietan ere.

Halaber, LOMCE legean eta Foru Dekretuaren Zioen Azalpenean eta 8. artikuluan aurreikusten eta biltzen diren hezkuntza-gaitasunen formulazioan ere bilduta daude.

«…askotariko testuinguru akademiko, sozial eta profesionaletan aplikatzen den «egiten jakitea» bezala kontzeptualizatzen dira. Testuinguru desberdinetara transferitu ahal daitezen, ezinbestekoa da gaitasunetan dagoen ezagutza ulertzea, eta ezagutza hori gaitasunak osatzen dituzten abilezia praktikoekin edo trebetasunekin lotzea.»

Gaitasunetan oinarrituriko ikaskuntzaren bereizgarriak dira zeharkakotasuna, dinamismoa eta osotasuna. Gaitasunen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ezagutzaren arlo guztietatik jorratu behar da, eta hezkuntza erkidegoa osatzen duten instantzia desberdinen aldetik, eremu formaletan zein ez-formaletan eta informaletan; dinamismoa agerikoa da gaitasunak ez baitira une jakin batean eskuratzen eta handik aurrera aldagaitzak izaten, aitzitik, berezkoa dute garapen prozesu bat, non norbanakoak haien erabileran maila hobea eskuratzen doazen. Curriculuma aldatzeko prozesu hau erdiesteko funtsezkoa da irakaslearen rola. Diziplinarteko ikuspegi batetik eta metodologia didaktikoko autonomia handiago batetik abiatuta, gai izan behar du arlo desberdinetan ikasitako ezagutzak aplikatzea ahalbidetuko duten ikaskuntza egoerak edo atazak diseinatzeko.

8. artikulua Gaitasunak.

Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak honako hauek dira:

  1. Hizkuntza komunikazioa.
  2. Matematika gaitasuna.
  3. Matematika gaitasuna eta zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunak
  4. Gaitasun digitala.
  5. Ikasten ikastea.
  6. Gaitasun sozial eta zibikoak.
  7. Ekimena eta ekintzailetza.
  8. Kultura kontzientzia eta adierazpenak.

Gaitasunak eraginkortasunez eskuratzeko eta curriculumean benetan txertatzeko, ikasleei gaitasun bat baino gehiago aldi berean lantzeko aukera emanen dieten ikaskuntza jarduera integratuak diseinatuko dira, ikasia errealitateari aplika diezaioten.

LEHEN HEZKUNTZA

NAFARROAKO GIZARTE ZIENTZIETAKO CURRICULUMA

«Gizartean bizitzea» izeneko 3. blokeko edukien bitartez, gizataldeen ezaugarriak ezagutzeko moduak ulertzeko prozesuari hasiera emanen diogu, errespetatuz eta baloratuz haien arteko aldeak, zein diren beren kideak, gune fisikoan nola banatzen diren, lana kideen artean nola banatzen den, kontsumo ondasunak nola sortu eta banatzen diren, herritarren bizitza ekonomikoa, gizarteko kideak ekintzaile izateko gaitasuna eta enpresaren azterketa, zeinaren barnean sartuko diren enpresa jarduerak gizartean duen zeregin dinamizatzailea, gizartearen, politikaren eta lurraldearen antolaketa eta Europako erakundeen ezagutza, biztanleria, ekoizpen sektoreak eta finantzen oinarrizko hezkuntza.

Arloaren azken helburua da askatasun pertsonala, erantzukizuna, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta justizia eta diskriminazio mota oro gainditzen lagunduko duten balioak transmititzea eta praktikan jartzea. Xede modura ere hartzen da (eta hura lortzera bideratuta dago Espainiako hezkuntza sistema) herritartasuna gauzatzeko eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartzeko prestatzea, jarrera kritikoarekin eta arduratsuarekin eta ezagutzaren gizartearen egoera aldakorretara egokitzeko gaitasunarekin parte hartzeko, hain zuzen.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

DBHrako foru-curriculumaren zioen azalpenean ere gaitasunak aipatzen dira:

«Gaitasunak ekintza eraginkor bat lortzeko batera mobilizatzen diren abilezia praktikoen, ezagutzen, motibazioen, balio etikoen, jarreren, emozioen eta beste zenbait osagai sozialen eta portaerarekin loturiko osagaien konbinazioa dira. Beraz, praktikako ezagutza bezala ulertzen dira, alegia, jardun sozialetan parte-hartze aktiboa izanez eskuratutako ezagutza gisa. Jardun sozial horiek, halakoak izanik, gara daitezke hezkuntza formalaren testuinguruan, curriculumaren bitartez, zein hezkuntza ez-formaleko eta informaleko testuinguruan.»

Gaitasunak, hartara, askotariko testuinguru akademiko, sozial eta profesionaletan aplikatzen den «egiten jakitea» bezala kontzeptualizatzen dira. Testuinguru desberdinetara transferitu ahal daitezen, ezinbestekoa da gaitasunetan dagoen ezagutza ulertzea, eta ezagutza hori gaitasunak osatzen dituzten abilezia praktikoekin edo trebetasunekin lotzea.

Eta «Etaparen helburuak» izeneko 4. artikuluan, lehenik, herritartasun demokratikoan gaitasuna ematen duten ahalmenak garatzea aipatzen da.

• Haien betebeharrak arduraz onartzea; haien eskubideak ezagutzea eta baliatzea, betiere besteak errespetatuta; gainerako pertsona eta taldeekin tolerantziaz, lankidetzaz eta elkartasunez jardutea; elkarrizketan trebatzea, giza eskubideak eta emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna askotariko gizarte baten balio komun gisa sendotuta, eta herritartasun demokratikoa baliatzeko prestatzea.

OINARRIZKO LANBIDE-HEZIKETA

Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifiko batzuk arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 2. artikuluan zehazten denez, Lanbide Heziketako irakaskuntzen xede eta helburuetako bat da ikasleek ikaskuntza iraunkorraren gaitasunak eskuratzea edo osatzea. Hortaz, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak ez ezik, lehen aipatu ditugun bizi osoko ikaskuntza iraunkorraren gaitasunak ere biltzen dituen gaitasunen araberako ikaskuntzaren alde egiten da. Arau horren 11. artikuluan, Oinarrizko Lanbide Heziketaren titulazioetan agertu beharko den gaitasunen zeharkako tratamendua zehazten da.

BATXILERGOA

Era berean, Batxilergoari dagokion foru-curriculumean ere biltzen da gaitasunen araberako hezkuntza, eta hezkuntza zibikoa Etapako helburutzat jotzen da –lehen postuan aipatzen da–:

3. artikulua. Etaparen helburuak.

Batxilergoan, herritartasun demokratikoa ikuspegi global batetik baliatzea ahalbidetuko dieten gaitasunak garatzen lagunduko zaie ikasleei, eta Espainiako Konstituzioaren balioetan eta giza eskubideetan oinarrituta egongo den, eta gizarte justua eta zuzena eraikitzeko erantzukizun berdina sustatuko duen kontzientzia zibiko arduratsua eskuratzen.

UNITATE DIDAKTIKOA

LH 5 eta 6

10 - 12 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

DBH 1 eta 2

12 - 14 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

DBH 3 eta 4

14 - 16 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

Batxilergoa eta LH

16 urte