METODOLOGIA

Proposamen hau heziketaren ikusmolde inklusiboan oinarritzen da, parte-hartzea ahalbidetzen duen ikusmoldean eta, horrenbestez, ikasle guztiek parte hartuko dute ikasgelan, bertan egongo dira eta bertan egiten diren jarduera guztietatik lorpenak aterako dituzte, itxaropen handiak sorraraziz beti haiengan guztiengan.

Unitate Didaktiko hauekin, gure gizartearen antolamendua eta gure zerga-sistema ezagutzeko eta ulertzeko jakin-mina piztea lortu nahi dugu eta, horretarako, ikasleek ezagunak dituzten datuen gaineko hausnarketa sustatu eta ikasleen sormena eta asmamena zirikatuko ditugu, Hezkuntza Etapa bakoitzerako geuk egindako azken produktuak proposatuta.

Ikasleei orientabidea, batik bat, ematea da ideia nagusia, ezagutza eratzeko eta partekatzeko gai izan daitezen; izan ere, hartara, pentsatzeko trebetasunak garatuko dituzte lan propioak eta originalak eginda.

Material honen garapenarekin honako helburu orokor hauek lortu nahi ditugu:

HELBURU OROKORRAK

  • Pentsamendu kritikoa eta ekimen pertsonala sustatzea, banakako eta taldeko lan-ohiturak garatzean.
  • Pentsamendu bisuala indartzea ideia eta sentimenduak marrazkien bidez adierazteko; sormena lantzeko; ahozko pentsamendua indartzeko linguistikoa ez den beste formatu batzuei erreparatuta.
  • Pentsamendu eraginkor, kritiko eta sortzailearen garapena sustatzea.
  • Ikasleak ikerkuntzako eta arazoak konpontzeko prozesuetan inplikatzea.
  • Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabil ditzaten ahalbidetzea, irakaslearen baliabide didaktikoak diren aldetik, baina baita ikasleek ikasteko, komunikatzeko eta beren ekarpen eta sorkuntza-lanak hainbat hizkuntza erabilita egiteko bidetzat ere.
  • Ikasleak ahalduntzea, etorkizuneko herritar diren aldetik.
  • Bizitzarako trebetasunak garatzea norberaren eta gizartearen ongizatea lortzeko ikuspegi proaktibo batetik begiratuta, eta pertsonarteko harremanak hobetzea.

GAITASUNEKIKO LOTURA

Europar Batasuneko orientabideetan behin eta berriz aipatzen da gako-gaitasunak eskuratzea oso garrantzitsua dela ikasleak egungo gizartearen eskaerei erantzuteko prestatuta egon daitezen, gizartea aldakorra dela eta ziurgabetasunak eragiten dituela kontuan hartuta; gizarte globala eta anitza dela, informazioa erraz eta azkar lor daitekeena.

Alderdi hori kontuan izanik, hemen egiten dugun proposamena gaitasunen arabera lan egitea da, gaitasun guztiak funtsezko elementutzat txertatuta Unitate Didaktiko bakoitzean. Gaitasunetan oinarritutako ezagutzan kontzeptuetan oinarritutako ezagutza ez ezik, trebetasun, jarrera eta balioen garapena ere sartzen denez, hezkuntzaren ikusmolde humanista eta sozialean oinarritzen ari gara.

Gaitasunetan oinarritutako ikaskuntza zeharkakoa da, hau da, arlo guztietan agertuko da; dinamikoa da, hau da jarduera-maila handiagoa eskuratzen da prozesuan; eta globala da, pertsona garen aldetik heziketa integrala sustatzen duten balioetan oinarritzen delako.

Gako-gaitasunak estu-estu lotuta eta erlazionatuta daude lortu nahi ditugun helburu orokorrekin; hortaz, helburu horiek betetzea ahalbidetuko dute. Era berean, curriculum-proposamenean garatuko dira, baita proposatu ditugun orientabide eta estrategia metodologikoen garapenean ere.

  1. Hizkuntza-komunikazioan gaitasuna Unitate Didaktiko honetan egingo diren jarduera guztietan agertuko da. Ikasgelan sortzen diren elkarrizketen bitartez landuko da gaitasun hau, bai talde handian, bai talde txikitan, eta baita hainbat euskarriren bitartez ere; izan ere, euskarri digitalak erabiltzea balioetsiko da, ikasleek askotariko alfabetatzea lor dezaten. Hartara, jardunbide sozialekin lotutako ikuspegia bultzatzen da, hau da, ikaskuntza elkarrekintza-egoeren arabera zehazten da, elkarrekintzen kopurua ez ezik, horien aniztasuna ere sustatu eta balioesten da eta, horretaz gain, ikasle guztiak ikasgelan sozializatzeko funtsezko elementu ere izaten da. Gaitasun hau unitate didaktiko osoan garatuko diren balio eta jarreretan oinarritzen da, hau da, errespetua, espiritu kritikoaren garapena, aniztasunaren balioa, entzute aktiboa eta enpatikoa, berdintasunezko elkarrizketa, baita gaitasun honi atxikitako trebetasunak ere: irakurketa, idazmena eta hizketa, idatzitako eta ahozko ulermena eta adierazpena…
  2. Matematika-gaitasuna eta zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunak. Gaitasun hauek zorroztasunean oinarritzen diren hainbat balio biltzen dituzte. Jarrera horiek oso beharrezkoak dira eta oso lotuta daude erabakiak hartzearekin, pentsamendu kritikoaren garapenarekin, arazo konpontzearekin, erronkekin eta konponbideak bilatzearekin. Espazioa eta forma lantzen direnean, informazio bisuala deskodetu eta kodetzen da, perspektiba, formen transformazioa, hiru dimentsioko eszenak… lantzen dira; matematikarako gaitasunaren arlo zehatz hori modu espazialean garatuko da, Unitate Didaktiko hauetan proposatutako azken produktuetako bat (publizitate-kartel bat egitea) sortzean. Era berean, zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunetan berezkoak diren irizpide etikoak eta erantzukizunaren zentzua garatuko dira.
  3. Gaitasun digitala. IKTak sormena erabiliz, modu kritiko eta seguruan erabiliko dira proposatutako jarduera egiteko garaian, eta XXI. mendeko gizarteari egokitutako hizkuntzak ere landuko dira, hau da, testu-hizkuntza, ikonikoa, bisuala, grafikoa eta soinu-hizkuntza.
  4. Ikasten ikastea. Gaitasun honen bereizgarria da ikaskuntzan hasteko, antolatzeko eta irauteko abilezia izatea, eta motibazioaren, metakognizioaren eta plangintzaren bitartez sustatuko da hori, dela banaka, dela taldean, goi-mailako prozesu kognitiboen garapena ahalbidetuta.
  5. Gaitasun sozial eta zibikoak. Gaitasun soziala ongizate pertsonalarekin eta kolektiboarekin lotzen da, eta horixe da, hain justu, material hauekin lortu nahi den helburu nagusia. Gaitasun zibikoa giza balioen garapenean oinarritzen da, hala nola justizia, berdintasuna, herritartasuna, giza eskubideak…,
    Gaitasun hauek garatzeko, sentsibilizatzeko jarduera bat izango da beti abiapuntua, ezinbestekoa baita zenbait pertsonaren errealitate sozialaren eta emozionalaren alderdi zehatzak ulertzeko.
    Balioak martxan jartzea izaten da beti helburua, ikasle guztien ahalduntzearen, konpromisoaren eta lankidetzaren bitartez jardutea.
  6. Ekimena eta ekintzailetza. Unitate Didaktiko bakoitzaren amaieran, ideia bat produktu ikusgai bat bihurtuko duen jarduera bat egingo dugu. Helburu hori ezin hobeto txertatzen da gaitasun honetan, balio sozialen –esaterako, elkartasuna– kontzientziarekin batera.
    Honako hauekin lotutako alderdiak landuko ditugu: sortzeko ahalmena eta berrikuntza, banaka nahiz taldean lan egiteko ahalmena, zentzu kritikoa eta erantzukizunaren zentzua.
  7. Kultura-kontzientzia eta -adierazpenak. Aurreko gaitasuna bezalaxe, hau ere Unitate Didaktiko guztietan agertuko da, adierazpidearen osagaia, ahalmen estetiko eta sortzailea, eta kode artistiko nahiz kulturalekin lotutako ahalmenak menderatzea biltzen baititu.

PRINTZIPIO METODOLOGIKOAK

Gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzak esan nahi du gaitasunak funtsezko elementutzat txertatu behar direla curriculumean; hartara, ikasleen gaitasunak garatzea ahalbidetuko da. Baina metodologia aktiboetan oinarritzea ere esan nahi du, eta horrelako metodologietan ikasle eta irakasleek jarrera aktiboa izan behar dute. Ikasleek elementu aktibo izan behar dute ikaskuntza-prozesuan; horretarako, talde-lana sustatuko duten eta ikasleei beren kabuz ikasteko ahalmena bultzatuko dieten jarduerei eman behar zaie lehentasuna, metakognizioa (norberaren ikaskuntzaren lekuko izatea, alegia) ahalbidetuta eta bideratuta eta, hori horrela izanik, ikasle guztiek parte hartuko dute eta inplikatuko dira ikaskuntzan.

EBALUAZIOA

Material hauen bitartez baliabideak eskaini nahi ditugu, gizartearen funtzionamenduari eta herritarren parte-hartzeari buruzko hausnarketarako baliabideak, betiere hezkuntza-etapa bakoitzera egokituta.

Prozesu horretan, irakasleak akatsak identifikatu ahal izango ditu, akats horien kausak identifikatu eta dagozkien zuzenketak nabarmendu.

Ebaluazioa prozesu jarraitua izango da, oso garrantzitsua, eta ikasleek prozesu horretan ere parte hartzea garrantzitsua izaten da heziketa zibiko eta tributarioaren gai honetan. Horrela, bada, zer nolako informazio-premiak dituzten identifikatzea, okerreko kontzeptuak hautematea eta, akatsak eragiten dituzten kausen gainean hausnartuta, akats horietatik ikastea oso lagungarri izango zaie irakasleei lan horretan.

UNITATE DIDAKTIKOA

LH 5 eta 6

10 - 12 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

DBH 1 eta 2

12 - 14 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

DBH 3 eta 4

14 - 16 urte
UNITATE DIDAKTIKOA

Batxilergoa eta LH

16 urte